Inspiratzen gaituzten emakume zientzialariak (II): Florence Nightingale

Historian zehar zientzian aritu diren emakumeei omenaldia egiteko, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan (BCAM) lan egiten duten ikerlariek euren ibilbidea inspiratu duten emakumeei buruzko istorioak partekatzea erabaki dute. Lore Zumeta doktoregoko-ikaslea izan da ekimen honetan parte hartzen duen bigarrena. Jarraitu irakurtzen Florence Nightingalek nola eragin dion ezagutzeko.

Autoreari buruz:

Lore Zumeta

Doktoregoko-ikaslea


BCAMeko Estatistika Aplikatuko taldean aritzen da Lore doktoregoko-tesia prestatzen. Bere proiektuan estatistika futbolean gertatzen diren lesioak ikertzeko eta mekanismo lesionalean zein faktorek parte hartzen duten aztertzeko erabiltzen du.

Florence Nightingale da inspiratu nauten emakumeetako bat. Ez dira urte asko pasa bere figura deskubritu nuela. Lehen aldiz, unibertsitatean entzungo nuen berari buruz, matematika graduko estatistika irakasgaian. Garai hartan berak eraman zuen bizitzak eta bizimoduak, berak egin zituen ekarpenek, ikaragarriak iruditzen zaizkit. Gaur egun, ia bi mende beranduago ere, garrantzi eta balio handia izaten jarraitzen dute berak egindako ekarpenek. Higienearen eta eskuak garbitzearen garrantzia kasu.

Florence Nightingale (1820-1910) gizarte-erreformatzaile, estatistikari eta erizain ingelesa izan zen, erizaintza modernoaren aitzindaritzat jotzen da. Florentzian (Italia) jaio zen -jaioterritik datorkio izena- britainiar familia aberats batean. Nightingale-k familian eta inguruan zituenen uste eta aurreiritziei kontra egin behar izan zien. Gaztetan, matematika ikastea zen bere nahia, baina gurasoek ez zuten begi onez ikusi; geroago, erizain izan nahi zuela erabaki zuen, eta hor ere gurasoen ezezkoa jaso zuen. Hala ere erizain izateko nahiari eutsi egin zion. Bi diziplina uztartzeko gaitasun handia izan zuen, erizaintza eta estatistika, ustez lotura gutxiko bi arlo. Bi diziplinak elkar osatuz, aurrerapauso handiak egin zituen. Bere garaiaren aurretik joan zen, osasun datuek duten garrantzia ulertuz.

Krimeako Gerran aritu zen erizain lanetan, matematikekiko zuen zaletasuna albo batera utzi gabe. Azalera polarreko diagrama berritzailea sortu zuen, Larrosaren Diagrama (“coxcomb”) izenez ere ezaguna dena, diagramaren itxuragatik. Grafiko horren bidez Krimeako Gerran zehar izandako hildakoen kopurua adierazten zuen. Zehazki, kausa ezberdinez hildakoen kopuruak adierazten ziren eta kausa bakoitzerako zirkulu baten azalera marrazten zen, azalera hori hildakoen kopuruarekiko proportzionala izanik. Honi esker ohartu zen soldadu gehiago hiltzen zela ospitaletan gaixotasun infkeziosoen ondorioz, tifusa, disenteria eta tifoideak jota, gerrako zaurien eta bestelako arrazoien ondorioz baino. Informazio hau funtsezkoa izan zen ospitaleen higiene falta salatzeko eta parlamentari, autoritate eta agintari oro, baita Victoria erregina bera ere, erreforma sozialen beharraz konbentzitzeko.

Florence Nightingalek gerran zehar izandako hildakoen kopurua adierazteko erabili zuen diagrama.

Nightingale-k utzitako ondarea handia da. Oinarriak ezarri zituen erizaintzaren profesionalizaziorako bidean Londreseko Saint Thomas ospitalean, bere lana Gurutze Gorriaren sorrerarako inspirazio iturri izan da eta bere ezagutza matematikoak, epidemiologia eta osasungintza arloan aplikatuz aurrerapauso handiak eman dira. Bizirik zen artean hainbat erakunderen errekonozimendu eta esker ona jaso zuen. Royal Statistical Society izeneko elkartean onartutako lehenengo emakumea izan zen 1859an, baita American Statistical Association erakundeko ohorezko kidea ere, 1874an. 1907an, Britainia Handiko Merituaren Ordena jaso zuen lehen emakumea izan zen.

Aurten Florence-n jaiotzaren 200.urteurrena ospatzen da eta hainbat ekimen jarri dira martxan mundu osoan zehar. Munduko Osasun Erakundeak aurtengo 2020a, “Erizain eta Emaginen Urte Internazionala” izendatu du.

BCAM-en estatistika aplikatuko lan taldean egiten dut lan nik. Neurri batean, Nightingale-n antzera, estatistika osasun arloan aplikatzen dugu. Nik estatistika futbolean gertatzen diren lesioak ikertzeko erabiltzen dut eta mekanismo lesionalean zein faktorek parte hartzen duten aztertzeko. Lesioen kargak eta inzidentziak modelizatzen ditut biziraupen analisiko zenbait teknika desberdin kontuan hartuz. Datuen kantitatea nabarmenki handia da eta hemen, lankidetza eta diziplinartekotasuna gakoak dira, hauek kudeatzeko eta uleretzeko. Gerora begira, arrisku faktore hauek identifikatzea garrantzi handikoa da, ezagutza gehiago lortzeko eta baita ere, tresna gehiago izateko lesioak prebenitzeko orduan.


//]]>